Premium segmentuan eta 'Espainia Berdea' aliantzan kokatzen diren ekintza horien bidez, Basquetourrek gastu-ahalmen handiko turista-profila erakarri nahi du; hain zuzen ere, helmugaren jasangarritasunarekin bat datorren eta urte osoan zehar bidaiatzen
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak Txinako merkatuari zuzendutako bi familiarizazio-bidaia antolatu berri ditu apiril honetan. Helburua da Euskadi bikaintasunezko helmuga turistiko gisa duen posizionamendua indartzea, bai premium segmentuan, bai Espainia Berdea eskualde arteko markaren esparruan.
Lehenengo bidaia Euskadi Asiako goi-mailako merkatuan posizionatzeko estrategiaren barruan kokatzen da bete-betean; hain zuzen ere, 2025ean Shanghain eta Pekinen Euskadi Basque Country Confidential markapean egindako sustapen-ekintzen emaitza da. Jarduera horiei esker, luxuzko turismoan espezializatutako agentziekin harremanak ezarri ahal izan ziren, eta ezagutza-bidaia edo fam trip hau haien jarraipen naturala da.
Segmentu horretan espezializatutako Txinako zortzi agentek osatutako talde batek bertatik bertara ezagutu du euskal helmuga, eta hiru hiriburuak nahiz baliabide turistiko adierazgarrienak bisitatu ditu. Egitarau aberatsari esker, Euskadiren aniztasunean eta berezitasunean —gastronomia, kultura eta benetako esperientziak— murgildu ahal izan dira; horrela, helmuga gomendatzeko duten gaitasuna indartu dute, erosteko ahalmen handiko Txinako bidaiariari egokitutako produktu turistikoa sortze aldera.
Txinako merkatua aukera estrategiko garrantzitsua da Euskadirentzat, bereziki esperientzia esklusiboen arloan. Ekintza horiei esker, Basquetourrek kalitatezko turismoa erakarri nahi du: urte osora zabaldutako turismoa, helmugaren eredu jasangarri eta arduratsuarekin erabat bat egiten duena.
Bestalde, gaur goizean amaitu da bigarren ezagutza-bidaiaren euskal etapa, Guangzhouko (Canton) Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET) elkarlanean antolatutakoa. Ibilbide horren bidez, Espainia Berdea marka - Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galizia- sustatu nahi izan da. Txinako turismo-sektoreko enpresa nabarmenetako bost bidaia-agentek parte hartu dute.
Ibilbideari larunbatean ekin zioten, Arabako Errioxan: Baigorri upategia bisitatu zuten, topaketa komertziala egin zuten Viura hotelean, eta Guardiako Erdi Aroko hirigunean barna ibili ziren. Igandean, Bilbo aldera jo zuen espedizioak; han, Tayko eta The Artist hotelak ezagutu, Alde Zaharrean eta Zabalgunean paseatu, eta Bilboko Guggenheim Museoa bisitatu zuten agenteek. Gaur goizean, berriz, Donostian izan da Txinako taldea. Kantabriarantz abiatu aurretik, Hotel de Londres y de Inglaterra hotelean bisita komertziala egin dute, eta pintxo-jana Alde Zaharrean.
Euskadiko egonaldia amaituta, Kantabrian eta Asturiasen barna egingo du aurrera taldeak, eta, aurreikuspenen arabera, Galizian bukatuko du ibilbidea, apirilaren 27an.