Euskadiko erakunde publikoek, naturagune eta turismo-elkarteek, Basquetourrekin eta Soy Ecoturista Klubarekin batera, 2026rako ekoturismo-plana zehaztu dute.
Euskadiko Ekoturismo Sarearen Mahaiak urteko lehen bilera egin du gaur, martxoaren 12an, natura-turismoaren sektoreko helmuga eta elkarteen partaidetzarekin. Topaketan, azken urteko aurrerapausoak aurkeztu dira, eta 2026rako lan-proposamen bat zehaztu da. Helburua Euskadiko naturguneetako ekoturismoa indartzen jarraitzea da, bai eta Basquetourrek nahiz Soy Ecoturista Klubak kide guztien eskura jartzen dituzten tresnak ustiatzea ere.
Soy Ecoturista Klubak, Amanda Guzmán kudeatzailea ordezkari zela, Klubaren emaitzak eta helmuga zein enpresei laguntzeko dauden tresnak aurkeztu ditu. Aipagarrienen artean honako hauek daude: merkaturatze-plataforma bat, sare sozialetako sustapen-kanpainak, buletinak (newsletterrak), azokak, prestakuntza, behatokiak eta kanal berriak, hala nola podcastak.
Basquetourrek proposatzen duen 2026rako lan-planak hainbat ekintza biltzen ditu: Naturwatch programa eta Okil Ertainaren Jaialdia, marketin digitaleko kanpainak, enpresa berriei aitorpen-ziurtagiriak ematea, eta aurtengo produktu berrien sustapena, hala nola astroturismoa edota Bizkaiko Flyscha ekoturismoaren eskaintzan sartzea. Era berean, Sareko kideekin kanpaina bat egitea aurreikusi da material informatiboak banatzeko, esaterako Ecoturing mapa.
Saioan zehar, bertaratutakoei jakinarazi zaie Euskadiko Turismo Legearen proposamen berriak (gaur egun alegazio-fasean), ekoturismoa jarduera turistiko onartu gisa jasotzen duela.
Bilerak berretsi egin du euskal ekoturismoaren eragileek eredu turistiko jasangarri, etiko eta elkarlanean oinarritutako batekin duten konpromisoa. 2026rako aurreikusitako ekintzek eta kideengandik espero diren ekarpenek Euskadi kalitatezko ekoturismoan erreferente gisa finkatzeko apustu sendoa islatzen dute.