2026-2027 edizioak helmuga berriak HTA eredura bildu eta euskal turismoaren eraldaketa digital eta jasangarrian aurrera egiten jarraitzea du helburu.
Basquetourrek 2026-2027 aldiari dagokion Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) programaren edizio berri bat abiarazi du. Ekimen honen helburua Euskadiko helmuga berriak proiektura biltzea da, eredu turistiko berritzaile, irisgarri, jasangarri eta etengabeko hobekuntzara bideratuago baterantz pausoak ematen jarraitzeko.
Helmuga Turistiko Adimendunen proiektua 2030eko Turismo Jasangarriaren Euskal Estrategian integratuta dago, eta eraldaketa digitalari nahiz berrikuntzari eskainitako ildo estrategikoaren barruan kokatzen da. Ekimena Turismoko Estatu Idazkaritzak bultzatzen du, SEGITTURen bitartez, eta Basquetourrek gidatzen du Euskadin.
Programaren xedea euskal helmuga turistikoen eraldaketa digitala bultzatzea da; aldi berean, garapen turistiko jasangarria, Euskadi bisitatzen dutenen esperientzia hobetzea eta herritarren bizi-kalitate handiagoa sustatuz.
HTA eredua gobernantzan, berrikuntzan, teknologian, jasangarritasunean eta irisgarritasunean oinarritzen da, eta helmugei beren ezaugarri eta behar espezifikoetara egokitutako etengabeko hobekuntza-prozesuei ekiteko aukera ematen die. Gaur egun, 5 ardatz, 16 jarduera-eremu, 97 eskakizun eta 261 ebaluazio-adierazle hartzen ditu barne.
2018tik, Basquetour SEGITTURekin batera ari da lanean eredu hori Euskadiko helmuga turistikoen artean zabaltzeko, bai eskualde-mailan, bai udal-mailan. Gaur egun, Euskadik 20 helmuga bereizi ditu; horietatik 3k eskubide osoko bereizgarria lortu dute, eta beste 5 lortze-prozesuan daude (2026ko abendurako aurreikusita).