Guztira 822 entitate atxiki dira dagoeneko Kode Etikoara, eta horrek berresten du sektoreak irmoki egiten duela aurrera egungo eskariekin bat datorren turismo-eredu jasangarriago eta arduratsuago baterantz.
Euskadin, turismo-eredu arduratsuago baten aldeko interesak gora egiten jarraitzen du. Turismoaren Kode Etikoaren programak 75 entitate berri baino gehiagoren atxikimenduarekin itxi du bere azken deialdia; horrela, hasierako aurreikuspenak gainditu, eta aurtengo plaza guztiak bete dira.
Parte-hartze maila hain izan da handia, non hainbat erakunde dagoeneko itxarote-zerrendan geratu baitira 2027ko ediziorako. Lurraldeka, honela banatzen da entitate berrien sarrera: 17 Araban, 35 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan; horrek argi erakusten du lurralde osoan dagoen interes orekatu eta hazkorra.
Zifra horiek joera argi bat berresten dute: euskal turismo-sektoreak irmoki egiten du aurrera ingurumen-jasangarritasunarekin, gizarte-erantzukizunarekin eta garapen ekonomiko orekatuarekin konpromiso handiagoa duen eredu baterantz. Enpresek, elkarteek eta erakunde publikoek gero eta gehiago txertatzen dituzte printzipio horiek beren eguneroko jardueran, lehiakortasuna hobetzera eta gero eta zorrotzagoa den turismo-eskariari erantzutera bideraturiko estrategia baten barruan.
Sarrera berri horiekin, Euskadiko Turismoaren Etika Erregistroan 822 entitate daude dagoeneko atxikita, eta ekimen hau sektorearen egungo erronkekin bat datorren turismo kontzienteago eta arduratsuago bat bultzatzeko tresna nagusietako bat gisa sendotu da.
Turismo-arlotik nabarmendu dutenez, erantzun honek sentsibilizazio handiagoa islatzeaz gain, kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko apustu irmoa ere bada, bai Euskadi bisitatzen dutenentzat, bai lurraldean bizi eta lan egiten dutenentzat ere.