Basquetour
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Gasteizek kongresuetako bertaratzeak ia bikoiztu ditu, eta Donostiak %23 egin du gora, Euskadiko kongresu eta biltzarren jardueraren sendotasunaren erakusgarri  
07.10.2026
Gasteizek kongresuetako bertaratzeak ia bikoiztu ditu, eta Donostiak %23 egin du gora, Euskadiko kongresu eta biltzarren jardueraren sendotasunaren erakusgarri  

IBILTUR MICE 2025, Gasteizen eta Donostian izandako topaketa profesionaletara bertaratutakoen profilari eta portaerari buruzko azterlana.[*]

Euskadiko Behatoki Turistikoak, Basquetourren bitartez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako erakundeak, Gasteizko eta Donostiako Ibiltur MICE 2025 azterlanak argitaratu berri ditu. Azterlan horiek MICE segmentuko (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) bisitarien portaera aztertzen dute; alegia, kongresu, biltzar eta topaketa profesionaletan parte hartzeko Euskadira etortzen direnen portaera. 

Gasteiz

Azterlanaren ondorioek erakusten dute Gasteizek kongresu eta biltzarretarako hiri gisa duen posizionamendua sendotu duela, azken bi urteetan aurrerapen nabarmena izan baitu. 2025ean horrelako 24 ekitaldi egin dira hirian, eta, hortaz, ekitaldi-kopurua %71 handitu da. Bertaratutakoei dagokienez, 7.388 izan dira, 2023ko kopuruaren ia bikoitza. 

Gasteizko kongresu eta biltzarren jarduera batez ere lau sektoretan pilatzen da: kultura, merkataritza, sektore publikoa eta osasuna; joera hori, gainera, egonkor mantendu da 2023arekin alderatuta. Bertaratutakoak estatukoak dira nagusiki (%90). Nazioarteko merkatuari dagokionez, Frantziak bakarrik du presentzia esanguratsua, %4 pasatxokoa.

2025ean Gasteizko kongresu eta biltzarretara etorri direnek 5 milioi euroko gastua egin dute horiei lotuta, eta kopuru horren %70 inguru tokiko ekonomian txertatzen da. Hirian egin duten jarduera profesionalaren eta egonaldian zehar garatutako bestelako jarduera osagarrien emaitza da; bereziki, gastronomiari, aisialdiari eta erosketei lotutako gastuarena. 

Bestalde, bertaratutakoen gogobetetze-maila oso altua da, 4,9koa 1etik 5erako eskalan. Hiriak esparru erabat egokia eskaintzen du kongresu eta biltzarren jarduera garatzeko. Hiri modernoa, funtzionala eta zaindua da, eta bereziki nabarmentzen dira segurtasuna, komunikazioak, garbitasuna, garraioa, seinaleztapena, jasotako arreta eta zerbitzuen nahiz merkataritzaren kalitate-prezio erlazioa. Era berean, jardun profesionaletik harago ere erakargarria da, kultura-, ondare- eta aisialdi-eskaintza zabalari esker. 

Donostia

2025ean, Donostiak 131 ekitaldi hartu ditu eta 35.660 bertaratze bildu ditu. Horrek esan nahi du, 2023arekin alderatuta, ekitaldi-kopurua %34 handitu dela eta bertaratzeak %23 igo direla, azken bosturtekoan MICE jarduerak izan duen hazkunde iraunkorraren ildotik. 

Donostiako kongresuen eta biltzarren gaiak nolabait sei sektoretan banatuta daude. Hiriak presentzia handia du sektore zientifikoan, medikuntza- eta osasun-arloan, teknologia- eta industria-arloan eta sektore sozialean; guztiek batera jardueraren %92 biltzen dute. Hala ere, oraindik badago beste sektore batzuetara hedatzeko gaitasuna, hala nola gastronomiara, arlo juridikora, kirolera edo giza zientzietara. 

Bertaratutakoak estatukoak dira nagusiki, baina nazioarteko merkatuaren presentzia ere esanguratsua da, laurdena baino gehiago baitira atzerritik etorritakoak. Estatuko merkatuaren barruan, Madrilgo, Andaluziako eta Kataluniako autonomia-erkidegoek guztizko bertaratzeen %43 biltzen dute. Nazioarteko merkatuan, berriz, Alemania eta Frantzia dira erreferentzia nagusiak. 

MICE jarduera horren ekarpena batez beste 2,9 ostatu-gauekoa da. Horrenbestez, urtean 103.000tik gora gaualdi sortzen ditu, eta horietatik gehienak (%64) lau eta bost izarreko hotel-establezimenduetan banatzen dira. Gainera, parte hartzen dutenen %18 pasatxok egonaldia beste bi egunetan luzatzen dute aisia-arrazoiengatik. 

2025ean Donostiako kongresu eta biltzarretan parte hartu dutenek 39,5 milioi euroko gastua egin dute horiei lotuta, eta horren %66 inguru tokiko ekonomian txertatzen da. Izen-emateaz eta ostatuaz gain, bertaratzeak gastu osagarri nabarmena eragiten du aisialdian, gastronomian eta erosketetan. 

👉 Irakurri hemen txostena osorik

[*]OHARRA: Bilbok ez du parte hartu Ibiltur MICE azterlanean, bere txosten propioa duelako. Turismo Saila lanean ari da Ibiltur MICEren hurrengo edizioan Bilbo ere azterlan bateratu horretan txertatzeko

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt