Bi merkatu horiek estrategikoak dira nazioarteko posizionamendurako, duten gastu-ahalmenagatik, benetako esperientziekiko interesagatik eta euskal proposamen turistikoarekiko afinitateagatik.
Euskadi Montrealen da aste honetan, Estatu Batuetako eta Kanadako turismo-eragileekin funtsezko topaketa profesional batean parte hartzen. Bi merkatu horiek estrategikoak dira helmugaren nazioarteko posizionamendurako, duten gastu-ahalmenagatik, benetako esperientziekiko interesagatik eta euskal proposamen turistikoarekiko afinitateagatik.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, Euskadi maiatzaren 11tik 14ra bitartean egiten ari diren jardunaldi profesional horietan parte hartzen ari da. Bertan, Ipar Amerikako eragileak eta turoperadoreak helmuga eta turismo-enpresekin elkartzen ari dira. Helburua argia da: harreman komertzial sendoak sortzea, helmugaren ezagutza indartzea eta Euskadi distantzia luzeko merkatuetan aukera bereizi gisa posizionatzen jarraitzea.
Euskadiren parte-hartzearen ardatza eragileei honako hauetan oinarritutako proposamena helaraztea da: lurraldearen berezitasuna, kultura-nortasuna, nazioartean aitortutako gastronomia, paisaia, eta benetakotasunari zein turismo lasaiari lotutako bidaiatzeko modua.
Euskal turismo-sektorearen apustu bateratua
Euskadi turismo-sektorearen ordezkaritza bateratuarekin joan da topaketa honetara, erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren islada. Horrez gain, parte hartzen duten eragileei zuzendutako ekintza berezi bat bultzatu da, sari gisa Euskadin zeharreko tour bat eskainiz. Ekimen horri esker, ameriketako profesionalek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute helmuga, eta Euskadi Basque Country esperientzia bizi ahal izango dute.
Montrealeko hitzordura, Basquetourrekin batera, euskal erakunde eta enpresa hauek joan dira: Bilbao Turismo, Donostia Turismo, DMC Fresco Tours, DMC NIS, DMC Local Experts, Carlton hotela eta Ercilla hotela.
Estatu Batuak eta Kanada: helmugaren hazkunderako funtsezko merkatuak
Gaur egun, Estatu Batuetakoa da Euskadirentzat distantzia luzeko merkatu nagusia; 2025ean, nazioarteko bisitari guztien % 4,34ko kuota bereganatu du, eta segmentu horren barruan pisu handiena duen merkatua da. Gainera, Euskadi Basque Country markaren ospeak hazten jarraitzen du: estatubatuar bidaiarien % 35ek helmuga ezagutzen duela dio, eta Euskadira bidaiatzeko aukerak goranzko joerari eusten dio.
Bestalde, Kanada oraindik bolumen txikia duen merkatua da, 2025ean % 0,46ko kuota baitzuen, baina hazkunde-seinale argiak eta epe ertainerako potentzial handia ditu. Euskadin bisitari kanadarren sarrerak maiatzean eta irailean biltzen dira batez ere, eta 2026ko lehen hiruhilekoak jada hazkundea erakusten du aurreko urteen aldean.
Ipar Amerikako bidaiariaren profila bereziki ondo egokitzen da Euskadiren balio-proposamenera. Estatu Batuetako merkatuaren kasuan, 5,2 eguneko batez besteko egonaldia nabarmentzen da, helmugaren batez besteko orokorra baino handiagoa, eta esperientzia kultural, gastronomiko eta hiri-esperientziekiko lehentasun argia dago, Bilbo eta Donostia intereseko helmuga nagusiak izanik.
Kanadako merkatuari dagokionez, batez besteko egonaldia gurean 8,6 egunekoa da, balio handienetako bat, eta horrek helmugarekiko duen interes estrategikoa indartzen du. Euskadirako hegaldi-bilaketa gehienak Montrealen, Toronton eta Vancouverren biltzen dira; halaber, Bilbo da lurraldera sartzeko atari gisa gehien eskatzen den hiria.