Arau horren aplikazioak helmugaren bikaintasunean aurrera egitea, bisitarien esperientzia hobetzea eta bertako bizilagunen bizi-kalitateari ekarpena egitea ahalbidetuko du.
Goierriko eskualdeak aste honetan ekin dio Turismo Helmuga Adimendun (THA) gisa ziurtatzeko proiektu pilotuari. Horrela, prozesu horri eskualde-mailan heltzen dion Euskadiko zein Estatuko lehen eskualde turistikoa bihurtu da. Basquetourrek bultzatutako ekimen hau abiarazte estrategikoko saioarekin hasi da, eta helmugako abiatze operatiboko saioarekin jarraitu du.
Proiektu pilotu honen bidez, Goierri kudeaketa turistiko adimendunaren abangoardian kokatu da, eta, bide batez, Euskadiko beste helmuga batzuei ere atea ireki die eredu horren bidez ziurtagiria lortzeko aukera izan dezaten, hala nahi izanez gero. Basquetourrek laguntza emango du prozesu horretan, Euskadiren lehiakortasuna indartzen jarraitzeko eta nazio zein nazioarte mailan duen kokapena sendotzeko helburuarekin.
Turismo Helmuga Adimendunen kudeaketa-sistema. Eskakizunak izeneko UNE 178501 araua —Espainiako Normalizazio Elkarteak (UNE) argitaratua eta SEGITTURrek nahiz Turismoko Estatu Idazkaritzak sustatua— erreferentzia-esparru nagusia da helmugen lehiakortasuna areagotzeko, kudeaketa ondu baten bidez. Basquetourrek aktiboki parte hartu zuen arauaren lanketan, Berrikuntza Unitatearen bitartez.
Ereduak bost ardatz nagusitan oinarritutako kudeaketa-sistema proposatzen du: gobernantza, berrikuntza, teknologia, irisgarritasuna eta jasangarritasuna. Horren aplikazioak helmugaren bikaintasunean aurrera egitea, bisitarien esperientzia hobetzea eta bertako bizilagunen bizi-kalitateari ekarpena egitea ahalbidetzen du.
UNE 178501 arauaren araberako ziurtagiriari esker, helmugak ezarritako eskakizunekiko duen betetze-maila modu independentean ebaluatu eta aitortu daiteke. Egindako ahaleginen eta lortutako aurrerapenen kanpo-abal bat ematen du, kudeaketa-sistemaren eraginkortasuna eta horren etengabeko hobekuntza sendotzeaz gain.