Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
HTA Konpromisoa programan parte hartzen duten bost euskal helmugek SEGITTURen balioztatze-prozesuari ekin diote
07.07.2026
HTA Konpromisoa programan parte hartzen duten bost euskal helmugek SEGITTURen balioztatze-prozesuari ekin diote

Arabako Mendialdeak, Oarsoaldeak, Urola Kostak, Barakaldok eta Durangaldeak aurrera egin dute helmuga turistiko adimendun bihurtzeko eraldaketa-prozesuan, Basquetourrek Euskadin bultzatutako ereduaren baitan.

HTA Konpromisoa proiektuaren egungo edizioan parte hartzen ari diren bost euskal helmugek SEGITTURen balioztatze-prozesuari ekin diote; alegia, Helmuga Turistiko Adimendunaren eredurantz eraldatzeko ibilbidearen fase berri bati.

Arabako Mendialdea (Araban), Oarsoaldea eta Urola Kosta (Gipuzkoan), eta Barakaldo eta Durangaldea (Bizkaian) dira helmuga horiek. 2025eko udazkenean hasi zuten prozesua, eta orain, kontrastatze- eta balioztatze-fase erabakigarri batean murgilduko dira.

Uztailean amaitu da Basquetourrek garatutako aurretiazko lana, bost helmugetako bakoitzean —dagozkien HTA lan-mahaien bidez— bildutako datuak eta ebidentziak berrikustean, homogeneizatzean eta osatzean oinarritu dena. Prozesu horrek ahalbidetu du, halaber, helmuga bakoitzaren egoeraren analisia eta diagnostikoa behin-behinean osatzea.

Hemendik aurrera, eta udazkena ondo sartu arte, SEGITTUR arduratuko da balioztatze-prozesua gauzatzeaz, eta Basquetourrek egingo du defentsa teknikoa.

Helmuga bakoitzaren balioztatzea lortu ondoren, Basquetourrek behin betiko diagnostikoa eta dagokion ekintza-plana landuko ditu; dokumentu horiek abendurako aurreikusita dagoen bereizgarriarekin batera emango dira.

Euskadiko helmugetan ezarritako HTA metodologia Turismoko Estatu Idazkaritzaren eskutik sortu zen, hura baita Estatu osoan erakunde kudeatzailea eta bultzatzailea, SEGITTURen bitartez. Euskadin, Basquetourrek bultzatzen du 2018tik euskal helmuga turistikoak helmuga turistiko adimendun bihurtzeko eraldaketa, garapen turistiko jasangarriago, irisgarriago, berritzaileago eta eraginkorrago baten eredurantz aurrera egiteko helburuarekin, 2030eko Euskal Turismo Estrategiarekin bat etorriz.

Metodologia horrek helmugen lan-prozesuetan teknologia berriak txertatzea eta berrikuntza sustatzen ditu, betiere jasangarritasun- eta irisgarritasun-helburuen zerbitzura, efizientziara, gardentasunera eta parte-hartzera bideratutako gobernantza-eredu baten barruan.

Prozesuan dauden bost helmuga berri horiekin, dagoeneko 20 dira Euskadin Basquetourren eskutik ibilbide hori egin duten helmuga turistiko adimendunak. Horrela, lurraldearen lehiakortasuna eta bikaintasun turistikoa indartzeko lan-ildo estrategikoa finkatu da.

 

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt