Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Ipar Ameriketako 92 bidaia-agentek parte hartu dute Euskadiren salmenta bultzatzeko webinarrean
26.06.2026
Ipar Ameriketako 92 bidaia-agentek parte hartu dute Euskadiren salmenta bultzatzeko webinarrean

Guztira, Estatu Batuetako eta Kanadako 92 bidaia-agentek parte hartu dute Basquetourrek DCI ordezkaritza-agentzia amerikarrarekin lankidetzan antolatutako bigarren webinarrean. Saioa ostegun honetan, ekainaren 25ean, egin da, Euskadi Ipar Amerikako merkatuan merkaturatzea errazteko helburuarekin.

Saio hori merkatuko azterketak, berripaperak (newsletterrak) eta webinarrak uztartzen dituen lan-programa baten barruan kokatzen da. Programa horren xedea da sektoreko profesionalei Euskadi beren turismo-eskaintzan txertatzeko prozesuan laguntzea, haien ezagutza indartuz eta salmentarako tresna praktikoak emanez.

Inspiraziotik salmentara: tresna praktikoak agenteentzat

"Selling Basque Country: Practical Tools for Travel Advisors" izenburupean, webinarrak jarraipena eman dio helmugaren aurkezpena ardatz izan zuen maiatzeko lehen saioari. Oraingo honetan, ordea, euskal helmuga merkaturatzeko informazioa helaraztean jarri da arreta nagusia.

Ildo horretan, saioak modu praktikoan landu du nola integratu Euskadi agenteen eskaintzan, salmenta lortzeko funtsezkoak diren alderdietan arreta jarriz, hala nola:

  • Potentzial handiena duten bezero-profilen identifikazioa: bidaiari gastronomikoak, premium bezeroak, familiak, bikoteak...
  • Esperientzia bereizgarrietan oinarritutako salmenta-argudioen garapena.
  • 3, 5 eta 7 eguneko ibilbide moldagarriak.
  • Helmugaren posizionamendurako gomendioak, Europako beste helmuga batzuen alternatiba gisa aurkezteko.


Helmuga lehiakorra eta egungo eskariarekin lerrokatua

Webinarrean, nazioarteko merkatuan hazten ari den turismo-helmuga gisa Euskadik dituen ezaugarri nagusiak ezagutarazi dira, eta, batez ere, kultura, gastronomia, natura eta benetakotasuna uztartzen dituela nabarmendu da.

bereziki baloratzen diren hainbat ezaugarrirengatik nabarmentzen da gure helmuga:

  • Hiriak, kostaldea eta natura-paisaiak lurralde irisgarri batean integratzen dituen proposamena.
  • Erreferentziazko helmuga gastronomiko gisa duen posizionamendua, 36 Michelin izarrekin.
  • Bere izaera segurua, masifikatu gabea eta benetakoa, bidaia-joera berriekin lerrokatua.


Estrategiaren jarraipena Ipar Amerikan

Webinar hau egitea aurrerapauso berri bat da Euskadik Estatu Batuetan eta Kanadan duen posizionamendu-estrategian. Egitasmo horrek kanal profesionalari zuzendutako ekintza berriekin jarraituko du; esaterako, datorren uztailean berripaper bat bidaliko da.

Ikuspegi hori aintzat hartuta, Basquetourrek sustapen-eredu baten aldeko apustua indartu du. Eredu hori ez da soilik interesa piztean oinarritzen, bidaia-agenteen —funtsezko preskriptoreak baitira— trebakuntzan ere bai. Horren bidez, haien lan komertziala erraztu nahi da, baita Euskadi nazioarteko turismo-programazioan sar dadin bultzatu ere.

 

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt