Basquetour
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Shanghaitik abiatu da Euskadik Txinako merkatuan duen presentzia indartzeko misioa
16.10.2026
Shanghaitik abiatu da Euskadik Txinako merkatuan duen presentzia indartzeko misioa

Basquetourrek eta Euskadiko turismo-sektoreko ordezkaritza batek merkataritza-misioa egingo dute aste honetan Shanghain, Guangzhoun eta Hong Kongen, negozio-aukera berriak sustatzeko eta Euskadiren nazioarteko posizionamendua indartzeko.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak, Euskadiko turismo-sektoreko ordezkaritza batekin batera, merkataritza-misioa abiatu du aste honetan Txinan, Euskadik nazioarteko turismoaren alorrean potentzial handia duen merkatu estrategiko horretan duen presentzia eta posizionamendua sendotzeko.

Egitaraua gaur hasi da Shanghain; goizeko lehen ordutik, euskal ordezkaritza lan-bilerak egiten ari da Txinako merkatuko goi-mailako turismoan espezializatutako eragile nagusiekin. Parte-hartzaileen artean daude Eight Continent, INSTRAVEL, Ctrip eta ZANADU, nazioarteko bidaiak eta balio handiko segmentuei zuzendutako premium esperientziak merkaturatzen dituzten sektoreko erreferentziazko enpresak.

Hitzorduok aukera ematen dute Euskadiko eskaintza turistikoa aurkezteko, Txinako turismo-eskariaren joerak eta bilakaera aztertzeko eta merkataritza-lankidetzarako aukera berriak identifikatzeko. Helburua da Euskadiren presentzia sendotzen jarraitzea herrialdeko merkaturatze-kanal garrantzitsuenetan, eta benetako esperientziak eta kalitatezko helmugak bilatzen dituzten bisitariak erakartzea.

Misioak urriaren 19an izango du hurrengo geldialdia Guangzhoun. Bertan, workshop profesional bat egingo da, euskal ordezkaritza eta Txinako turismo-enpresa nahiz operadore nagusiak elkartuko dituena. Programaren barruan B2B topaketak egingo dira negozio-aukera berriak sustatzeko; esperientzia gastronomiko bat eskainiko da; eta networking ekintza bat ere egingo da bi merkatuen arteko merkataritza-harremanak finkatzeko.

Egitarauari amaiera emango zaio urriaren 21ean Hong Kongen, tokiko turismo-sektoreko profesionalei zuzendutako Euskadi helmugaren aurkezpenarekin. Ondoren, networking saio bat egingo da, merkatuko eragile nagusiekin harremanak estutzen jarraitzeko.

Merkataritza-misio honen bidez, Basquetourrek Txinako merkaturatze-kanal nagusiekin dituen harremanak indartzen jarraitzen du, eta Euskadiren ezagutza zabaltzen du, kalitatezko eta nortasun propioa duen turismo-helmuga gisa.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt