Euskadi Basque Countryk sustapen-jarduera indartu du potentzial handiko Asiako bi merkatutan, merkaturatze-aukera berriak sortzeko eta urte osoan bisitariak erakartzeko.
Euskadi Basque Country Turespañak Asian antolatutako Zuzeneko Sustapen eta Merkaturatze Jardunaldietan parte hartzen ari da. Jardunaldiak azaroaren 24an egingo dira Tokion, eta azaroaren 26an, Seulen. Ekimenaren helburua da Euskadik bi merkatuetan duen posizionamendua indartzea, turismo-operadore nagusiekiko harremanak sendotzea eta Euskadi bidaia-programa berrietan txertatzea.
Japonia eta Hego Korea interes estrategiko bereziko bi merkatu dira Euskadirentzat, bai hazteko duten potentzialagatik, bai herrialde horietako bisitarien profilagatik. Gastatzeko ahalmen handiak eta goi-denboralditik kanpo bidaiatzeko joerak turismo-jarduera dibertsifikatzen eta desestazionalizatzen laguntzen dute.
Eustaten datuen arabera, 2025ean Euskadik Japoniatik etorritako 32.708 bidaiariren sarrerak erregistratu zituen hotel-establezimenduetan, eta bidaiari horiek 61.406 ostatu-gau egin zituzten. Bisita horien % 37,09 tarteko denboraldian eta behe-denboraldian egin zen. Horrenbestez, Japonia izan zen desestazionalizazio-helburua gainditu zuen distantzia luzeko merkatu bakarra; helburua % 33an zegoen ezarrita. Gainera, Euskadiren ezagutza-maila % 31koa da dagoeneko Japoniako merkatuan.
Hego Koreak, berriz, hazkunde-aurreikuspen bikainak ditu, baita Euskadirentzat potentzial handia ere.
Japoniako eta Hego Koreako bisitarien bidaia-motibazioak erabat bat datoz Euskadiren turismo-eskaintzarekin: nazioarteko ospea duen gastronomia, berezko kultura eta nortasuna, ondare historiko eta artistikoa, arkitektura, paisaia naturalak eta esperientzia benetako eta pertsonalizatuak.
Nabarmentzekoa da, halaber, Donejakue Bidearen potentziala, bereziki erakargarria baita Hego Koreako merkatuarentzat. Horrez gain, bi merkatuetako bisitariek interes handia dute masifikazio txikiagoko helmugak ezagutzeko eta tokiko bizimodura hurbiltzeko.
Jardunaldi hauetan parte hartuta, Basquetourrek Asiako merkatuetan egiten ari den sustapen-lana sendotu nahi izan du. Ekimen honek jarraipena ematen die joan den martxoan Osakan eta Tokion egindako jardunaldiei eta irailean JATA Tourism Expo Japan azokan izandako parte-hartzeari.
Ekintza horiek helmuga nazioartekotzeko estrategiaren eta balio erantsi handiko turismoa erakartzeko apustuaren barruan kokatzen dira. Turismo horrek euskal turismo-sektorearen errentagarritasuna hobetzen, bisitari-fluxuak urte osoan eta lurralde osoan banatzen eta turismo-eredu jasangarriago eta orekatuago baterantz aurrera egiten lagunduko du.