Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jakes Agirrezabalak eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solanak parte hartu dute saioan, erakundeetako ordezkariekin eta sektoreko eragileekin batera.
Trapagarango Olaso jauregia kultur etxean egin da astearte honetan, ekainaren 16an, industria-turismoko Bilbao Bizkaia Action Group (BBAG) taldearen bilera tekniko berri bat. Topaketa horren xedea izan da segmentu horrek lurraldean dituen dinamizazio-estrategiak eta etorkizuneko mugarriak ebaluatzea.
Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jakes Agirrezabalak eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solanak parte hartu dute jardunaldian, ekintza-taldeko kideekin eta Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatu Sonia Pérez Ezquerrarekin batera.
Lan-saioaren amaiera gisa, bertaratutakoek Larreinetako funikularra bisitatu dute, haren mendeurrenaren ospakizunarekin bat eginez. Jarduera horrek aukera eman du baliabide adierazgarri hori balioesteko, industria-ondare biziaren eredu gisa, bai eta produktu turistiko gisa duen potentziala nabarmentzeko ere.
Topaketa honen bidez, BBAG taldeak berretsi egin du lurraldearen identitatearekin eta baliabideekin bat datorren industria-turismoko eredu jasangarri eta berritzaile bat garatzeko konpromisoa, erakundeen eta funtsezko eragileen arteko lankidetza bultzatuz.