THA bereizgarria berritzeak bermatzen du helmugak bost ardatz estrategikoetan oinarritutako ereduaren lanekin eta filosofiarekin bat egiten duela. Horrela, bi urtean behin, diagnostikoa eguneratzeko prozesua abiatzen da, betetze-maila berri bat lortzek
Uribe eskualdeak Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) diagnosi-txostena jarraitzeko lanei ekin die. Datozen asteetan, SEGITTURek helmugak THA metodologia ezartzeko egindako aurrerapenak egiaztatuko ditu; metodologia hori Turismoko Estatu Idazkaritzak sustatzen du, aipatutako erakunde publikoaren bitartez. Gainera, lan horietan Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia bidelagun dute.
2022ko abuztuan lehen diagnostikoa osatu zutenetik, Uribe eremu turistikoak berrikuspen-prozesu honi ekiten dion lehen aldia da. Jarraipen-prozesu honek segida emango dio udalak lehendik hartutako konpromisoari, hau da, gobernantzan, irisgarritasunean, jasangarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako turismo-kudeaketa egiteari, THA eredua oinarri hartuta.
Jarraipen-lanek helmugaren ibilbide-orri berria finkatuko dute, indarrean dagoen THA metodologiaren arabera -97 baldintza eta 261 adierazle-. Berrikuspen-prozesu horren emaitza diagnosi-txosten eguneratua izango da; bertan, helmugaren egoera azalduko da, baita Uribek turismo-kudeaketaren alorrean hobetzen jarraitzeko bete beharko dituen gomendioak ere.
THA bereizgarria berritzeak bermatzen du helmugak bost ardatz estrategikoetan oinarritutako ereduaren lanekin eta filosofiarekin bat egiten duela. Horrela, bi urtean behin, diagnostikoa eguneratzeko prozesua abiatzen da, betetze-maila berri bat lortzeko eta, horrekin batera, ekintza-plan berri bat eta beste bi urterako bereizgarria eskuratzeko.
Helmuga Turistiko Adimenduna programa
Helmuga Turistiko Adimenduna programa Turismoko Estatu Idazkaritzak (SETUR) sustatutako eta Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietateak (SEGITTUR) kudeatutako proiektua da. Haren helburua turismo-helmugetako lehiakortasuna eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, bost jardun-eremutan eraginez: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak gidatzen eta laguntzen du proiektu horren hedapena, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, SEGITTURekin eta parte hartzen duten helmugekin elkarlanean.
Ekimena 2012-2015 aldirako Turismo Plan Nazional eta Integralean sortu zen, eta helmugetan berrikuntzak azkar txertatzeko mekanismo egokiak sortzen ditu.
Turismo Helmuga Adimenduna honela definitzen da: punta-puntako teknologia-azpiegitura baten gainean finkatutako turismo-helmuga berritzailea, turismo-lurraldearen garapen jasangarria bermatzen duena, guztiontzat irisgarria dena, bisitariak inguruarekin duen elkarrekintza eta integrazioa errazten duena, eta bisitariak helmugan duen esperientziaren kalitatea eta bizilagunaren bizi-kalitatea hobetzen dituena.
Helburu horiek lortzeko, THA programak turismo-jardueraren zeharkakotasuna eta helmuga bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak kontuan hartzen dituen kudeaketa-eredua ezartzea sustatzen du. Diagnostiko-metodologia baten inguruan artikulatzen da (97 baldintza eta 261 adierazle), eta horrek gomendio-sistema bat eta monitorizazio-sistema bat dakar. Horiek dira ereduaren oinarrizko elementuak, eta helmugaren kudeaketa etengabe hobetzeko prozesua ahalbidetzen dute, turismoaren egungo eta etorkizuneko erronketara egokituta.
Espainiak garatutako THA eredua erreferentzia da nazio zein nazioarte mailan, eta jardunbide egokitzat jo dute Turismoaren Mundu Erakundeak (TME/OMT), Europako Batzordeak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA/OECD) eta Garapenerako Banku Interamerikarrak (GBI/BID). Halaber, HGE ekimena 2019ko Espainiako Hiri Agendaren parte da.