Euskadi Basque Countryk hiru hitzordu profesional horietan hartuko du parte, eta, gainera, Bilbon egingo den amaiera-ekitaldian anfitrioi-lanak egingo ditu. Bertan, Euskadiko turismo-baliabideen aniztasuna aurkeztuko die agentziei.
Euskadi Basque Countryk beste urte batez hartuko du parte CEAV PROTOUR 2026an, Bidaia Agentzien Espainiako Konfederazioak (CEAV) antolatutako zirkuitu profesionalean. Lankidetza estrategiko horrek aukera ematen du helmugak estatuko merkatuan duen presentzia finkatzeko eta turismo-bitartekaritzako kanal nagusietako batekin —bidaia-agentziekin, alegia— harremana estutzeko.
CEAV PROTOURen 2026ko edizioan, Euskadi egutegi profesionaleko funtsezko hiru hitzordutara bertaratuko da: Zaragoza (otsailaren 19an), Granada (martxoaren 11n) eta Valentzia (apirilaren 15ean). Bertan, gure helmugaren eskaintza turistikoa aurkeztuko du bidaia-agentzien foro nagusiaren aurrean.
Zirkuitua urriaren 29an amaituko da Bilbon. Bertan, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak anfitrioi-lanak egingo ditu, eta erakusketari zein agentzia parte-hartzaileei zuzendutako sustapen-jarduera espezifiko bat antolatuko du, Euskadiko turismo-eskaintzaren aniztasuna bertatik bertara ezagutarazteko helburuarekin.
CEAV PROTOUR 2026ko lehenengo workshopa berriki egin da Zaragozan, eta jarduera-egitarau zabala izan du. Testuinguru horretan, Euskadik gunea partekatu du airelineekin, bidaia-antolatzaileekin, hotel-kateekin, lehorreko zein itsasoko garraio-enpresekin, aseguru-etxeekin eta estatuko zein nazioarteko beste helmuga batzuekin. Horrek merkataritza-akordioak bultzatzeko eta helmugako turismo-baliabideak ezagutzera emateko plataforma pribilegiatu bihurtzen du CEAV PROTOUR.
Gero eta digitalizatuagoa dagoen turismo-testuinguru batean, bidaia-agentziek funtsezko zeregina betetzen jarraitzen dute bidaiariari segurtasuna, konfiantza eta laguntza emateko orduan, bai aurretik, bidaian zehar zein bidaiaren ondoren. CEAVekiko aliantzak lehentasunezko posizioan kokatzen du Euskadi, helmuga sustatzeko eta merkaturatzeko funtsezkoa den kolektibo profesional baten aurrean.