Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Britainiar bidaia-agenteek Euskadi bisitatu dute Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbaren ezagutza-bidaia batean
02.06.2026
Britainiar bidaia-agenteek Euskadi bisitatu dute Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbaren ezagutza-bidaia batean

Bisitak britainiar merkatuan natura-turismorako eta ekoturismorako erreferentziazko helmuga gisa duen posizionamendua indartzen lagundu du.

Euskadik eta Kantabriak britainiar merkatuko bost bidaia-agenteri eta turoperadoreri zuzendutako familiarizazio-bidaia bat antolatu dute maiatzaren 28tik 31ra. Bidaia hori Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbaren nazioarteko sustapenaren esparruan antolatu da, Londresko Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET) lankidetzan.

Ekimen horri esker, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte bi lurraldeetako ekoturismo-eskaintza, baita Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbari lotutako baliabide naturalak eta esperientziak ere. Agente horiek natura-turismoaren, mendi-ibilbideen, fauna-behaketaren eta bidaia jasangarrien segmentuan erreferente diren Britainia Handiko agentzien eta operadoreen ordezkariak dira.

Lau egunez, taldeak hainbat naturagune eta gune babestu bisitatu ditu, Santanderren hasi eta Bilbon amaitu den ibilbide batean.

Maiatzaren 30eko jardunaldia Euskadin garatu zen, Valderejoko Parke Naturalera eta Gorbeiako Parke Naturalera egindako txangoekin. Gune horietan, parte-hartzaileek fauna behatzeko jarduerak, ibilbide interpretatiboak eta lurraldeko basoei zein ekosistemei lotutako ekoturismo-esperientziak burutu zituzten.

Ezagutza-bidaia maiatzaren 31n amaitu zen, Euskal Kostaldeko Geoparkera eta Zumaiara egindako bisita batekin. Jardunaldian itsasontzi-irteera bat egin zen itsaslabarren aurrean, eta euskal itsasbazterreko hainbat begiratokitan barna ibilbide gidatu bat ere osatu zen, Bilboko aireportura abiatu aurretik.

Britainiar merkatuko posizionamendua indartzea

Ekintza hori Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbaren nazioarteko sustapen-estrategiaren barruan kokatzen da; proiektu horrek turismo-eredu jasangarri baten aldeko apustua egiten du, natura-ondarearen kontserbazioan, landa-ingurunearen dinamizazioan eta lurraldeari lotutako benetako esperientzien sorkuntzan oinarrituta.

Bisitak Espainia Berdearen posizionamendua indartzen lagundu du britainiar merkatuan, natura-turismorako eta ekoturismorako erreferentziazko helmuga gisa; bereziki, aire zabaleko jardueretan, fauna-behaketan, mendi-ibilietan eta esperientzia jasangarrietan interesa duten bidaiarien artean.

Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbak Galiziako, Asturiasko, Kantabriako eta Euskadiko naturagune babestuak eta ekoturismo-esperientziak biltzen ditu, eta benetakotasunean, biodibertsitatean eta tokiko komunitateekiko konexioan oinarritutako turismo-eskaintza jasangarria sustatzen du.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt