Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadi Gastronomika, NBE Turismoaren eta Basque Culinary Centerren jardunbide egokien nazioarteko txostenean
24.06.2026
Euskadi Gastronomika, NBE Turismoaren eta Basque Culinary Centerren jardunbide egokien nazioarteko txostenean

Argitalpenak Basquetourrek bultzatutako Euskadi Gastronomikaren Balioen Gutuna jartzen du erdigunean, turismo gastronomiko jasangarriago, etikoago eta kolaboratiboago batera bideratutako estrategia baten eredu gisa.

NBE Turismoak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin prestatutako Buenas prácticas en el desarrollo del turismo gastronómico txostenak Euskadi sartu du turismo gastronomikoaren garapenean jardunbide egokiak ezartzeagatik aztertutako nazioarteko zortzi kasuen artean. Euskadiren kasuan, argitalpenak Euskadi Gastronomikaren esperientzia du ardatz, eta, bereziki, Euskadi Gastronomikaren Balioen Gutuna, hori baita lurraldean garatutako ereduaren oinarria.

Dokumentuak munduko hainbat eskualdetako helmugen ekimenak aztertzen dituen nazioarteko esparru batean kokatzen du euskal esperientzia, eta sukaldaritzaren nortasunarekin, lehiakortasunarekin eta onura sozial, kultural zein ekonomikoen sorrerarekin lotutako ikasgaiak azpimarratzen ditu.

Partekatutako balioetan oinarritutako eredua

Txostenean jasotako Euskadiren kasuak Euskadi Gastronomikaren Balioen Gutuna nabarmentzen du, euskal turismo gastronomikoaren kode etiko gisa aurkeztuta. Tresna hori Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan oinarritzen da, eta hori, aldi berean, NBE Turismoaren Turismorako Munduko Kode Etikoarekin lerrokatuta dago.

Agiriak Euskadi Gastronomikak izan duen bilakaera aztertzen du, lan-filosofia komun batekin konprometitutako eragileen sare gisa; sare horretan, lurraldeko turismo-enpresek eta baliabideek parte hartzen dute. Basquetourrek bultzatutako klubak, turismo-eragileen, ekoizleen eta helmugen arteko lankidetza indartzen du, eta tokiko nortasunari lotutako proposamen gastronomikoa finkatzen laguntzen du.

Digitalizazioa, etengabeko hobekuntza eta jasangarritasuna

Txostenean jasotako alderdien artean, sareak azken urteotan izan duen bilakaerarekin lotutako hainbat aurrerapen daude. Argitalpenak aipatzen ditu, besteak beste, Euskadi Gastronomikaren webgune berria, atxikipen- eta berritze-prozesuen digitalizazioa, eta bai enpresentzat bai bidaiarientzat esperientzia hobea erraztera bideratutako tresnen garapena.

Euskal kasuan, halaber, etengabeko hobekuntza ere nabarmentzen da; horren erakusgarri dira IRON online ospe-azterlana eta Basque Culinary Centerrekin lankidetzan garatutako prestakuntza espezializatua. Horrekin batera, txostenak azpimarratzen du zein garrantzitsuak diren jasangarritasuna, tokiko produktuak babestea, ekonomia zirkularra eta lurraldean eragin positiboa sortzea.

Euskal gastronomiaren nazioarteko proiekzioa

Euskadi Gastronomika nazioarteko argitalpen honetan egoteak Euskadiren proiekzioa indartzen du helmuga gastronomiko gisa, eta nortasunean, lankidetzan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako eredu baten inguruan egindako lana aitortzen du. Era berean, helmuga bereizteko eta turismo jasangarriago zein inklusiboago bat bultzatzeko aktibo estrategiko gisa kokatzen laguntzen du euskal gastronomia.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt