Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadik bere turismo-eredu arduratsua partekatu du Valentziako Erkidegoko III. SICTED Foroan
25.05.2026
Euskadik bere turismo-eredu arduratsua partekatu du Valentziako Erkidegoko III. SICTED Foroan

Euskadik kide gonbidatu gisa parte hartu du Valentziako Erkidegoko SICTED Helmugei buruzko III. Foroan. Topaketa profesional horrek 90 pertsona baino gehiago bildu ditu, jasangarritasunari, kalitate turistikoari eta helmugen adimenari lotutako aurrerapenak aztertzeko, esperientziak partekatzeko eta metodologia berriak aurkezteko.

Valentziako Erkidegoan egindako foro hori sektorearen etengabeko hobekuntzarekin konprometituta dauden administrazioen eta eragile turistikoen arteko lan- eta koordinazio-gune gisa finkatu da. Bi jardunalditan, hitzaldiak, tailer praktikoak eta eztabaida-mahaiak egin dira, turismo jasangarriaren egungo erronkak eta helmugetan adimen turistikoko tresnak ezartzea ardatz hartuta.

Euskadiren ordezkaritzari dagokionez, Basquetour arduratu da esperientzien mahaia irekitzeaz, eta, bertan, 2006. urtetik kalitatearen eta jasangarritasun turistikoaren arloan egindako lana partekatu du. Esku-hartze horretan, Euskadin bultzatutako politiken bilakaera aurkeztu du, baita Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren turismo-eredu arduratsu baten aldeko apustua ere.

Era berean, turismo arduratsurako euskal estrategia azaldu du; Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren bidez egituratzen da estrategia hori, eta erreferentzia-esparru gisa balio du Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) eta Turismo Enpresa  Adimendunen (TEA) proiektuetan aurrera egiten jarraitzeko, bai konpromiso-mailan, bai ziurtagiri-mailan.

Euskadi foro honetan egoteak lurraldeen arteko lankidetza sendotzen du, turismoaren lehiakortasuna hobetzeko, jardunbide egokiak trukatzeko eta turismo jasangarriago nahiz arduratsuagoa eraikitzeko.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt