Basquetourrek webinar bat antolatu du gaur IRON Txostenaren emaitzetan oinarrituta; azterlan horrek klubeko 190 enpresari buruzko 200.000 erabiltzaile-iritzi inguru biltzen ditu.
Basquetourrek bultzatutako Euskadi Familian produktu-klubak ordubeteko webinar bat egin du gaur, ostirala, apirilak 17, IRON Txostena (Onlineko Ospearen Indizea) aurkeztu eta aztertzeko. Adimen turistikoko tresna bat da txosten hori, eta, Interneteko erabiltzaileen balorazio eta iritzietan oinarrituta, enpresa eta baliabide turistikoen onlineko ospea neurtzeko eta ebaluatzeko aukera ematen du.
Saioan, sektore turistikoko hainbat enpresa eta erakunderen izenean aritutako 40 lagunek hartu dute parte. Vivential Value adimen turistikoan espezializatutako aholkularitza-enpresa arduratu da txostenaren ondorio nagusiak azaltzeaz. Azalpenean, eskaintzaren zein eskariaren ikuspegiak landu ditu, eta Euskadik —eta bereziki klubak— ospe digitalaren alorrean dituen gune indartsuak nahiz aurrez aurre dituen erronkak identifikatu ditu.
Azterlanaren oinarrian Euskadi Familian klubeko 190 enpresaren 2025eko ekitaldiko datuak daude, eta onlineko iruzkin-plataforma nagusietan jasotako 200.000 iritzi inguru aztertu ditu.
IRON Txostena Basquetourrek sustatutako Enfokatur Euskadiko Behatoki Turistikoaren lan-ildoen barruan kokatzen da. Behatoki horren xedea datu turistikoak aztertzea eta sektoreko enpresei eta erakundeei erabakiak hartzen lagunduko dien ezagutza estrategikoa sortzea da.