Daniel Solanak, Basquetourreko zuzendari nagusiak, profesionalentzako jardunaldia inauguratu du Kopenhage, Dubrovnik, Gante eta Sligoko adituekin batera. Helburua turismoa modu adimendunagoan, bidezkoagoan eta herritarrekiko begirune handiagoz nola kud
Euskadik turismo adimenduneko eredu baten aldeko apustua indartu du, Expovacaciones 2026 azokaren testuinguruan goi-mailako jardunaldi profesionala antolatuz. Azoka hori Barakaldoko BEC! erakustazokan egingo da, maiatzaren 8tik 10era.
“Turismo Adimendunaren Gobernantza: Datuak, Banaketa eta Egoiliarren Ongizatea” izenburupean, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Daniel Solanak inauguratu du jardunaldia ostiral honetan, maiatzak 8. Haren esanetan, turismoa ezin da soilik bisitari-kopuruaren arabera neurtu; aitzitik, sortzen duen balioari, balio horren banaketari eta helmugako herritarren pertzepzioari ere erreparatu behar zaie.
«Datuetan oinarritzen ez diren erabakiak itsu-itsuan egindako apustuak dira. Eta, turismoan, daturik gabe apustu egitea oso garesti atera dakiguke: garesti, gaizki inbertitutako baliabide publikoen aldetik; garesti, sektore pribatuarentzat; eta, batez ere, garesti, ondorio horiekin elkarrekin bizi behar duten komunitateentzat», adierazi du Daniel Solanak.
Jardunaldiak nazioarteko erreferentziazko lau aditu bildu ditu, Nagore Uresandi IN2destination enpresako zuzendari exekutibo (CEO) eta sortzailearen gidaritzapean, Europa osoko helmuga turistikoen amankomuneko erronkak aztertzeko: bisitarien fluxuak nola neurtu eta kudeatu; erabilera turistikoko etxebizitzak nola arautu, eta, jarduera ekonomikoa eten gabe, herritarren ongizatea nola bermatu.
I. saioa: Fluxu turistikoak kudeatzea: neurketa eta oreka espazio publikoan.
II. saioa: Hiri-gobernantza eta erabilera turistikoko etxebizitzen araudia: egoiliarrak eta nortasuna erdigunean.
Euskadik bezalaxe, Kopenhagek, Dubrovnikek, Gantek eta Sligok ere gogor dihardute jarduera turistikoaren, tokiko nortasunaren eta biztanleen bizi-kalitatearen arteko oreka bilatzen. Egiazko esperientziak eta soluzio zehatzak elkartrukatzea izan da jardunaldi honen ardatza.
Jardunaldi profesionalaz gain, Euskadi Expovacaciones 2026 azokan izango da, 1. Pabiloian kokatutako 150 m²-ko standarekin. Gunea ingurune ireki, irisgarri eta erakargarri gisa pentsatuta dago, eta bidaia inspiratzen nahiz planifikatzen laguntzen duten ikus-entzunezkoak elementuak eta teknologiak barne hartzen ditu; esaterako, ongietorri-totem bat, Euskadiko Grand Tourraren formatu handiko proiekzioekin, eta lurraldeak urte osoan eskaintzen dituen esperientzien aniztasuna erakusten duten edukiak.
Eskuragarri dagoen informazioari dagokionez, standa bost erakusmahaitan antolatuta dago:
Azokan zehar, bisitariei euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez emango zaie materiala: Euskadiko liburuxka orokorrak; Euskadi Basque Country Grand Tourraren ibilbide-mapak; eta gastronomiari, zikloturismoari, naturari, familia-turismoari, Done Jakue Bideari, Inazio Bideari eta beste hainbat edukiri buruzko gidak.
Helburua argia da: kalitatezko informazioa zein gertuko arreta pertsonalizatua eskaintzea; eta Euskadi publikoari aurkeztea, lasai gozatzeko pentsatutako askotariko helmuga jasangarri gisa.
