Euskadiko turismo-ekosistemaren aniztasuna eta aberastasuna islatuz, hiru lurralde historikoetako 25 erakundek hartuko dute parte, tartean, turismo-bulegoak, hotelak, museoak, upategiak eta bestelako turismo-baliabideak.
Euskal turismoa pauso irmoan doa eredu adimendunago, jasangarriago eta berritzaileago baterantz; izan ere, hasi da jada Turismo Enpresa Adimendunaren (TEA) UNE 178510 Araua ezartzeko proiektuaren bigarren edizioan parte hartuko duten Euskadiko 25 erakundeen diagnostiko-fasea.
Joan den abenduaren 2an egindako hasiera-bileraren ostean —zeinean 45 pertsonak parte hartu baitzuten, tartean erakundeetako ordezkariak, helmugen teknikariak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren lantaldea Daniel Solana zuzendari nagusia buru zutela—, proiektuaren etapa giltzarri eta erabakigarriari ekin diote orain erakunde parte-hartzaileek.
Neurrira egindako proiektuak definitzeko fase erabakigarria
Diagnostiko-fasea oinarri-oinarrizko zutabea da UNE 178510 Araua ezartzeko prozesuan. Erakunde bakoitzaren instalazioetara egindako aurrez aurreko bisiten bidez, aholkulari espezializatuek xehe-mehe aztertzen dute haien benetako egoera eta arauaren betekizunekiko lerrokatze-maila. Analisi horrek aukera ematen du erakunde bakoitzaren abiapuntu espezifikoa zehatz-mehatz identifikatzeko, kontuan hartuta haren tipologia, tamaina, lurralde-testuingurua eta heldutasun-maila.
Ezagutza sakon horri esker, diagnostikoak erakunde bakoitzaren egungo egoeraren argazki leiala eskaintzeaz gain, haren benetako beharretara erabat egokitutako eta pertsonalizatutako ekintza-plana diseinatzea ahalbidetzen du. Hortaz, ad-hoc ikuspegia da, laguntza eraginkorra bermatzen duena, eta helburu hauek dituena: barne-kudeaketa indartzea, datuetan oinarritutako erabakiak hobeto hartzea, jasangarritasuna modu estrategikoan txertatzea, irisgarritasun unibertsala ziurtatzea eta berrikuntza bultzatzea lehiakortasunaren ardatz gisa.
25 erakunde parte-hartzaile
Parte hartuko duten 25 erakundeek Euskadiko turismo-ekosistemaren aniztasuna eta aberastasuna islatzen dute; hiru lurralde historikoetako eta sektoreko hainbat esparrutako ordezkaritza osatzen dute:
Turismoaren Euskal Agentzian proiektu honek duen garrantzia nabarmendu dugu; izan ere, aurrerapauso erabakigarria dakar euskal turismo modernoago, eraginkorrago eta konektatuago baterantz. Eredu hori gai da beharrei aurrea hartzeko eta balio handiagoko esperientziak eskaintzeko, bai bisitariei eta bai bertako herritarrei, eta, horrela, Euskadi erreferente gisa sendotzen du turismo lehiakorraren arloan.