Bilboko San Mames estadioan ospatutako 2026ko Be Etikoa ekitaldiak euskal turismo-sektorea bildu du Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren, HTA programaren eta TEA programaren akreditazioak banatzeko.
Bilboko San Mames estadioak Be Etikoa 2026 urteroko aitorpen-ekitaldia hartu du gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatuta. Jardunaldiak euskal turismo-sektoreko eragileak eta ordezkariak bildu ditu, Euskadi turismo arduratsu eta adimendunaren abangoardian kokatzen duten hiru programen hazkundea ospatzeko: Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa, Helmuga Turistiko Adimenduna HTA programa eta Turismo Enpresa Adimenduna TEA programa.
Ekitaldian izan dira Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusia. Era berean, parte-hartze instituzionala izan dute Alicia Lillo Industria eta Turismo Ministerioko Turismoaren Estatu Idazkaritzako Garapen eta Jasangarritasun Turistikoko zuzendariorde nagusi ondokoak, eta Maria Velasco SEGITTUReko I+G+Bko zuzendariak.
820 entitate baino gehiago Euskadiko Turismoaren Etika Erregistroan
Bere hitzaldian, Hurtado sailburuak azpimarratu du hitzordu hau diplomak ematetik haratago doala: "Etika, adimena eta erantzukizuna beren jardueraren erdigunean jartzea erabaki duen sektore baten konpromisoa ospatzen dugu. Eta ospatzen dugu, halaber, euskal turismoa buruz eta bihotzez hazi dela".
Ekitaldian zehar, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan sartu diren 79 entitate berri aitortu dira, beren bereizgarria berritu duten beste 308rekin batera. Sarrera horiekin, Euskadiko Turismoaren Etika Erregistroak dagoeneko atxikitako 822 entitate ditu guztira; sailburuak gogorarazi duenez, prozesu hori "ez da atxikimendu sinboliko bat; izan ere, etengabeko prestakuntza, ebaluazioa eta jarraipena eskatzen ditu".
2025ean berritutako Kode Etikoa sei printzipioren inguruan egituratzen da: elkarrekiko errespetua, aniztasunarekiko berdintasuna, ingurumen-erantzukizuna, tokiko kulturaren balioa nabarmentzea, ondarearen babesa eta bikaintasun profesionala.
Lurraldearen % 69, Helmuga Turistiko Adimenduna
Lurralde-esparruan, Helmuga Turistiko Adimenduna HTA programak hedatzen jarraitzen du: aurten 20 helmuga sartu dira ereduan, eta 163 udalerrik kanpo-ikuskaritza gainditu edo beren konpromisoa berritu dute. Emaitza gisa, Euskadiko helmugen ia % 70ek badute jada HTA akreditazioa; ikuspegi horrek gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna konbinatzen ditu, bisitarien esperientzia zein bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko.
Bilbok, gainera, beste urrats bat eman du aurten, kudeaketa turistiko adimendunaren bikaintasunarekiko konpromisoa bermatzen duen UNE 17801 arau zorrotzaren pean ziurtagiria lortzean.
21 enpresa berri ziurtatu dira TEA ereduan
Turismo Enpresa Adimenduna TEA programak, UNE 178510 arauan oinarrituta, 20 enpresa berri ziurtatu ditu, eta enpresa batek bere akreditazioa berritu du. Ereduak euskal enpresa-sare turistikoaren eraldaketa digitala eta kudeaketa aurreratua bultzatzen ditu, teknologia, berrikuntza, jasangarritasuna eta irisgarritasuna erakundeen egunerokotasunean integratuz.
Euskadiko Turismo Arduratsuaren Komunitatea jaio da
Ekitaldiak ekimen berri bat aurkezteko ere balio izan du: Euskadiko Turismo Arduratsuaren Komunitatea, balioak dituen turismoaren mugimenduarekin bat egin nahi duten herritar zein bisitariei irekitako espazioa. Izen-ematea dagoeneko eskuragarri dago euskadietikoa.eus webgunean.
Ekimen hau Kode Etikoak azken urteotan jorratutako ibilbidearen barruan kokatzen da. Izan ere, #TuristaMaitea (Euskadiko bisitariei zuzendua) eta #TurismoMaitea (sektoreari eta euskal herritarrei bideratua) bezalako kanpainak bultzatu ditu, eta horiek 2026ko Fiturren osatu ziren, euskal herritarrek euren lurraldetik kanpo bidaiatzen dutenerako pentsatutako Bidaia Arduratsu baterako Gidaren aurkezpenarekin.
Jardunaldian Indira Martinez de Ilarduyak ere parte hartu du, inklusioaren aldeko ekintzailea eta gizarte-eraldaketako erreferentea denak; bere ikuspuntua eskaini du herritarrek turismo bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko duten zereginari buruz.
IKUSI ARGAZKI BILDUMA HEMEN: BE etikoa 2026
IKUSI LABURPEN BIDEOA HEMEN: BE etikoa 2026